2010/01/20

Ralph Franklin Hefferline Biografia



(1910 - 1974).

Hefferlinek Gestalt Terapian ekarpen esanguratsuak egin baditu ere, bere izena ez da oso entzuna gaur egungo Gestalt Terapeuten artean. Gestalt Terapia liburuko lehen zatia esaterako, berak idatzi zuen; Perlsek, ordea, ez zuen bere autobiografian harekiko inongo aipurik egin, ez eta Gestalt Terapia Verbatim liburuan, Hefferlinek konduktismoa erasotzen duenean ere.

Ralph Hefferline 1910eko otsailaren 15ean jaio zen, Muncien, Indiana estatuan. Evansvillen (Indiana) hasi eta Okmulgeen (Oklahoma) amaitu zituen derrigorrezko ikasketak 1927an. Honen ostean, hainbat opera ekoizpenetan ibili zen eta Daily Oklahoman eta Oklahoma News aldizkarietan kazetari gisa jardun zen. 1930ean, New Yorkera joan eta hurrengo urtean, Columbia Unibertsitatean izena eman bazuen ere, lanerako premia handiagoa zuen; ondorioz, ikasketak eten behar izan zituen, detektibe istorioak idazten hasi zen, idazkari moduan ibili zen eta eszenografia munduan ere lanean aritu zen. 1941an, Psikologian lizentziatzea lortu zuen Columbiako Unibertsitatean.

Ikasten zebilen garai haietan, Fred Kellerrengandik klaseak jaso zituen; Honek lana eskaini zion lizentziatura amaitu bezain pronto, Psikologiako Departamentuan lan egin zezan. Hartara, errefortzu teoriarekiko zuen jakinminari bide eman ahal izango zion. Bere nahia une hartan bete ez arren, 1941ean graduondokoa lortzeari ekin zion. Sasoi hartan, Kellerrekin psikologiaren historia ikasi eta Henry E. Garretekin estatistika klaserako laguntzaile izateko parada izan zuen. Azken hau, 1942an, Hefferlineren Master Tesirako zuzendari izan zen eta hurrengo urtean biek sorturiko artikulu bat plazaratu zuten, “Koloreak giza ongizatean eragina du” izenekoa.

1947an doktoradutza lortu zuen. Kellerren iritziz, Hefferline ‘xehetasunaren deabrua’ zen, izan ere, proiektu ezberdinetan bete betean murgildu bai, baina bere emaitzak hutsaren hurrenak suertatzen ziren . Buruhauste askoren ostean, tesia idazten amaitu zuen: arratoiekin egindako esperimentu batzuei buruzko idatzia hain zuzen ere. Esan liteke, esperimentu hauek Hefferlinen pazientzia eta sakontasunaren isla direla.

Columbia unibertsitatean irakasle izan zen eta nahiko ibilbide tradizionala jarraitu zuen: instruktorea 1944an, irakasle laguntzailea 1948an, irakasle elkartua 1960an eta irakasle titulatua 1967an. Azken hamarkada hartan ere, Psikologia saileko buru izan zen.

1950. hamarkadan Fed Keller eta William Schoenfeldek Skinnerren konduktismoan oinarritutako formazio programa bat ezarri zuten. Hefferline programa honetan jardun zen hamar urtez buru belarri. Formakuntza honekin batera, ikuspegi berri batek piztu zion interesa: jokaera kontrolatzen duten beste jokaeren inguruko afera. Ikuspegi berri hau izan zen Gestalt Terapia liburuan islatu zuena: egoera zehatzetan egitura muskularrak izan dezakeen garrantzia.

Hefferline, Perlsen paziente bihurtu zen 1946 inguruan, bestetik, handik bi urtera, Perlsek sorturiko formakuntza talde txiki batean sartu zen New Yorken.

Columbiako irakasleen egutegian, 1973ko martxoaren 29an, hau idatzi zuen Hefferlinek:

Fritz Perlsekin bilera.

Liburu berdinak irakurri ditugu eta ikusmira handia sortzen digu alderdi somatikoak. Perlsentzat, neurosia, beharrezkoa ez den ihes egiteko joera da.

Aurrez esan bezala, Hefferline Gestalt Terapia liburuan eta bereziki Gestalt Terapia munduan eragin handiko pertsona izan da. Gestalt Terapia liburuan pasarte bat idatzi zuen, zeina muskulu-tentsio kronikoak modu objetiboan alboratzeko saiakeratzat ulertu daitekeen. Dena dela, Hefferline izatez konduktista zen, bai Gestalt Terapia ezagutu aurretik eta ostean ere. Halaber, ez zuen Gestaltarekin zerikusirik zuen ezer gehiago argitaratu .