2010/07/05

Domeka goizeko kontuak

Etxean geratzea erabaki nuen. Denbora txarra zegoen kalean. Euria, hotza, goi-tapatua eta ezohizko isiltasuna.

Horrela hasi nintzen idatzi honekin; zerbaiti kolpe nahian, eguarldi triste haren baitan ez jausteko asmoz.

Altza eta lehiotik begirada labur bat bota nuen, kanpoan zegoena nola zegoen baieztatzeko. Agian hobekuntza apurren bat izan zitekeelakoan, baina kaleko iluntasunaz argi kargututa…, gezurretan akaso,

Ku-ku bat kanpora eta nire barruko lehioa ireki zitzaidan. Neuri ere gaurko eguraldi honen aurpegia islatzen zait noizbehinka. Ilun, triste, isilik eta bakarrik, nor ez da sentitu izan batzutan?

Agian, eramangarriagoa lirateke hotzik eta hezetasunik ez balego. Hortan datza aldea: hotza eta hezetasuna.

Sentipen bigunak likidoak dira, inoiz lurrintsuak ere; lasaiak eta sakonak beti. Baina termometroak beheko solairuak bisitatzeko bidea hartzen duenean, dena gizontzen zaigu, bihotza eta animua, batez ere. Gogortuta eta dardaratan egoteko gauza baino ez garela, joaten zaizkigu minutuak.

Haizea dabil dinbi-danba, balkoietako zein teilatuetako ertzetan bere soinia afinatzen.

Nola egin dezake soinu ikusi ezin daitekeen zera batek?

Nola egin diezadake mesede irudika dezakedan lastanak?

Barruko begirada, barrua miatzen; bere parajeak bisitatzera, kontsolamendua aurkitu nahian.

Kepa Torreldea

2010/04/14

Mugetan Geldirik

Goizetan iratzargailuaren txirrina ez dugu lagun, jakin arren guk bezperan ipinitako bitartekari hutsa dela. Bere soinuari, ametsetan murgilduak garela antzematen diogu, urruneko bapora batzutan edo goizeko kotxe-gidariok laneratzerakoan sortzen dugun kontzertu zaratatsua,bestetan.

Begi bat estalita oraindik, bestea erruki bila, egunerokora ku-kua egitera ausartzen gara. Une horretan, hain maitatuak ditugun amets goxoetatik irtetzerakoan soinu haren erreklamura, hartu behar izaten dugu eguneko lehen erabakia: “arre edo iso”.

Une hori magikoa da erabat. Agian erabakia bera hartu beharrak egiten dio gerizpa bere balioa gurmatzen diolarik, uneari berari.

Egunean zehar une magikoak edukitzen ditugu, hainbat. Berauetan dago bizirik, taupadaka biziaren jarioa. Matematikalariek “inflexioa puntua” deitzen diote eta informatikalariek berriz, “artxiboen birkonfiguraketa”.

Ulergarriago egin dadin, ziento bat adibide jar ditzakegu eta guztiak eguneroko gauza txikietan ikus ditzakegunak.

Hor dugu kortxoaren kasua. Uretan ipiniz gero, konturatuko gara erdiguneko munduan bizi dela: lehorrean naiz uretan, arrantzaleak bezala, baporak eurak bezala. "Ez han ez hemen" bizi da kortxoa; gu geu ametsetatik egun argira bueltatzerako unean bezala.

Haur baten jaiotza, lagun baten agurra, berri baten ezustekoa, azkenengo “fletxasoa”, eta abar. Hauek guztiak izan daitezke, ikusmira egokiaz begituz gero, azaldu nahi dudan fenomenoaren isla.

Mugarri diren momentu horietan egiazkoa den zerbait gertatzen da. Erreferentziak zapuztu egiten zaizkigu eta biluzik sentitzen gara, babes gabe, zerbaiti golpe beharrean, gure barne-azala azpikoz-gainera eta eskutuan daramagun arima ageri.

Une hauetara heltzerakoan ez dugu biderik asmatzen. Akaso, ahal denik, bertan egotea izan daiteke bide egokia, zerbait berria ager baitaiteke.. Sentimentuak garbiago usaintzen dira eta biziaren erdia gertuago nabaritzen zaigu, eta baita bere barne-mugimentua ere.

Mugalari konbentzitua naiz, mugan ez dagoelako “nirea eta zurea", nork bere urratsen jabe delako, nork bera aztarna propioen ikerlari bihurtzen delako, nahi eta nahi ez, eta galduta sentitzen naizelako..., inoiz baino presenteago nagoelarik.

2010/01/20

Ralph Franklin Hefferline Biografia



(1910 - 1974).

Hefferlinek Gestalt Terapian ekarpen esanguratsuak egin baditu ere, bere izena ez da oso entzuna gaur egungo Gestalt Terapeuten artean. Gestalt Terapia liburuko lehen zatia esaterako, berak idatzi zuen; Perlsek, ordea, ez zuen bere autobiografian harekiko inongo aipurik egin, ez eta Gestalt Terapia Verbatim liburuan, Hefferlinek konduktismoa erasotzen duenean ere.

Ralph Hefferline 1910eko otsailaren 15ean jaio zen, Muncien, Indiana estatuan. Evansvillen (Indiana) hasi eta Okmulgeen (Oklahoma) amaitu zituen derrigorrezko ikasketak 1927an. Honen ostean, hainbat opera ekoizpenetan ibili zen eta Daily Oklahoman eta Oklahoma News aldizkarietan kazetari gisa jardun zen. 1930ean, New Yorkera joan eta hurrengo urtean, Columbia Unibertsitatean izena eman bazuen ere, lanerako premia handiagoa zuen; ondorioz, ikasketak eten behar izan zituen, detektibe istorioak idazten hasi zen, idazkari moduan ibili zen eta eszenografia munduan ere lanean aritu zen. 1941an, Psikologian lizentziatzea lortu zuen Columbiako Unibertsitatean.

Ikasten zebilen garai haietan, Fred Kellerrengandik klaseak jaso zituen; Honek lana eskaini zion lizentziatura amaitu bezain pronto, Psikologiako Departamentuan lan egin zezan. Hartara, errefortzu teoriarekiko zuen jakinminari bide eman ahal izango zion. Bere nahia une hartan bete ez arren, 1941ean graduondokoa lortzeari ekin zion. Sasoi hartan, Kellerrekin psikologiaren historia ikasi eta Henry E. Garretekin estatistika klaserako laguntzaile izateko parada izan zuen. Azken hau, 1942an, Hefferlineren Master Tesirako zuzendari izan zen eta hurrengo urtean biek sorturiko artikulu bat plazaratu zuten, “Koloreak giza ongizatean eragina du” izenekoa.

1947an doktoradutza lortu zuen. Kellerren iritziz, Hefferline ‘xehetasunaren deabrua’ zen, izan ere, proiektu ezberdinetan bete betean murgildu bai, baina bere emaitzak hutsaren hurrenak suertatzen ziren . Buruhauste askoren ostean, tesia idazten amaitu zuen: arratoiekin egindako esperimentu batzuei buruzko idatzia hain zuzen ere. Esan liteke, esperimentu hauek Hefferlinen pazientzia eta sakontasunaren isla direla.

Columbia unibertsitatean irakasle izan zen eta nahiko ibilbide tradizionala jarraitu zuen: instruktorea 1944an, irakasle laguntzailea 1948an, irakasle elkartua 1960an eta irakasle titulatua 1967an. Azken hamarkada hartan ere, Psikologia saileko buru izan zen.

1950. hamarkadan Fed Keller eta William Schoenfeldek Skinnerren konduktismoan oinarritutako formazio programa bat ezarri zuten. Hefferline programa honetan jardun zen hamar urtez buru belarri. Formakuntza honekin batera, ikuspegi berri batek piztu zion interesa: jokaera kontrolatzen duten beste jokaeren inguruko afera. Ikuspegi berri hau izan zen Gestalt Terapia liburuan islatu zuena: egoera zehatzetan egitura muskularrak izan dezakeen garrantzia.

Hefferline, Perlsen paziente bihurtu zen 1946 inguruan, bestetik, handik bi urtera, Perlsek sorturiko formakuntza talde txiki batean sartu zen New Yorken.

Columbiako irakasleen egutegian, 1973ko martxoaren 29an, hau idatzi zuen Hefferlinek:

Fritz Perlsekin bilera.

Liburu berdinak irakurri ditugu eta ikusmira handia sortzen digu alderdi somatikoak. Perlsentzat, neurosia, beharrezkoa ez den ihes egiteko joera da.

Aurrez esan bezala, Hefferline Gestalt Terapia liburuan eta bereziki Gestalt Terapia munduan eragin handiko pertsona izan da. Gestalt Terapia liburuan pasarte bat idatzi zuen, zeina muskulu-tentsio kronikoak modu objetiboan alboratzeko saiakeratzat ulertu daitekeen. Dena dela, Hefferline izatez konduktista zen, bai Gestalt Terapia ezagutu aurretik eta ostean ere. Halaber, ez zuen Gestaltarekin zerikusirik zuen ezer gehiago argitaratu .